Daisy (iragarkia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Daisy (iragarkia)
Jatorria
Argitaratze-data1964
IzenburuaPeace, Little Girl
Jatorrizko herrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Ezaugarriak
Hizkuntzaingelesa
Antzezlea(k)
Monique Luiz
Robert Dryden
Chris Schenkel (en) Itzuli


[[Kategoria:Chris Schenkel (en) Itzuli antzeztutako lanak]]
IMDB: tt11160646 Edit the value on Wikidata
BideoaYouTube

Peace Little Girl (Daisy)[1] iragarkia Doyle Dane Bernbach (DDB) publizitate agentziak egin zuen, Tony Schwartz (1923-2008) diseinatzaile estatubatuarraren eskutik.

Egilea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1923an Manhattan hirigunean jaioa, Peekskill High School-en (1941) eta Pratt Institute-n (1944) lizentziatua, Tony Schwartzek lan filosofia berezia zuen: interesatzen zitzaizkion proiektuetan bakarrik lan egiten zuen, ordaindu zezaketenagatik. Hedabideetan aditutako gizona zen, hedabideen gurua bezala deskribatuta izateko punturaino. Bere indarguneak komunikabide politikoak ziren eta espezialista gisa, irrati eta telebistako hainbat iragarki ekoiztu zituen. Lyndon B. Johnson (1964) eta Jimmy Carter (1976) presidenteen kanpaina politikoak egin zituen, besteak beste. Horretaz gain, tabakoaren kontrako lehen iragarkiaren[2] sortzailea izan zen eta horrekin tabakoaren industriak haren publizitatea gelditzea lortu zuen 1963an.[3]

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1964. urtean Amerikako Estatu Batuetan Lyndon B. Johnson demokrata eta Barry Goldwater errepublikarraren arteko presidentziarako hauteskunde kanpaina izaten ari zen.[4] Urte bereko irailaren 7an, NBC kateak “Daisy” edo “Peace, Little Girl” izeneko iragarkia emititu zuen, The NBC Monday Movie izeneko sekzio historikoaren atsedenaldi batean. Iragarki hori Johnson presidentearen aldeko kanpaina izan zen, eta Goldwater hautagai errepublikarraren ikuspegi nuklearraren aldeko jarrera indartzeko erabili zen.[5]

Publizitatearen historiaren aldetik iragarki hau oso ospetsua izan zen. 60ko hamarkadan jada etxe guztietan telebistak zeuden, eta publizitatea ohikoa zen herritar estatubatuarrentzat, eta are gehiago publizitate politikoa. Ohikoa zen hautagai desberdinen aldeko kanpainak ikustea, eta berrikuntza maila nahiko baxua zen, zaila zen herritarrak harritzea. Orduan, Daisy deituriko Spot-a ailegatu zen, beste hautagai bati aipua kentzeko kanpaina. Eraso kanpaina formatu berritzaile moduan erabiltzea erabaki zuten, eta emaitzak onak izan ziren; Johnsonek irabazi baitzuen.

Iragarkia edo kanpaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iragarkiaren forma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iragarkia zuri-beltzean egina dago, emititu zen urtean oraindik emisioak zuri-beltzean egiten zirelako, 1966. urtean kolorez egiten hasi ziren. Konposizioaren aldetik pisu bisual guztia erdigunean kokatzen da, bai neska txikia agertzen denean, eta baita eztanda atomikoa agertzen denean ere, elementu nagusiak momentu guztietan erdigunetik mugitu gabe. Argiztapenak ikuslearen begirada gidatu egiten du, eta honen arreta deitzen du iragarki osoan zehar. Argia leuna da ez duelako itzalik sortzen eta aurrez-aurrekoa, efektu errealista eta naturala sortuz. Tipografia oso sinplea da, hondo beltz baten gainean Times New Roman tipografiarekin testu zuri bat agertzen da mezu batekin.

Iragarkiaren edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iragarkiaren hasieran neska txiki bat agertzen da, zelai batean bitxilore batekin esku artean jolasten. Bitxilorearen petaloak kentzen ditu, ozenki zenbatzen duen bitartean. Neskatoaren ahotsa gizon baten ahotsarekin nahasten da zenbaketa amaitzen denean; gizon horren ahotsak errusiar azentua du eta leherketa nuklear bati ematen dio hasiera, eta eztanda atomikoaren irudia pantailan ikusten da.[6]

Ondoren, Johnson presidentearen ahotsa entzuten da: "Hau da jokoan dagoena; Jainkoaren seme guztiak bizi ahal izango diren mundu bat eraikitzea, edo iluntasunera joatea. Elkar maitatu behar dugu, edo hil egin behar dugu."

Forma eta edukia nola uztartzen diren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Publizitate politikoaren barruan hiru mezu mota aurkitu ahal dira: positiboa, negatiboa edo konparatiboa. Kasu honetan, mezu negatiboa jasotzen dugu,  aurkakoaren deskalifikaziora bideratuta dagoena. Erabiltzen diren irudietan, leherketa nuklear bat ikusi daiteke, eta hori aurkakoaren kontrako kritika indartzeko erabiltzen da.

Esan genezake spota bi zatitan dagoela banatuta; alde batetik bakea eta bestetik gerra. Iragarkiaren hasieran, esan bezala, neska txiki eta inozo bat agertzen da, alai dagoena. Irudi horiekin alderdi demokrataren lasaitasuna eta gerraren kontrako jarrera irudikatu nahi da. Neskaren ahotsa entzuteari uzten diogunean eta gizon Errusiarraren ahotsa entzuten dugunean alderdi errepublikarraren irudia aurkezten da: armamentu nuklearraren aldekoa, beldurgarria eta suntsitzailea. Horrekin batera, leherketaren irudiak ikusten dira.

Beren maisu eta eraginak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iragarkiaren forma guztiz berritzailea izan zen, ez zen inoiz publizitate politiko negatiboa ikusi eta honek marketin politikoa goitik behera aldatu zuen. Kanpainaren sortzailea eta maisua Tony Schwartz izan zen, eta berak egindako publizitatea eta erabilitako errekurtsoak izan ziren Daisy spot-aren aurrekariak.

Schwartzek haur ahotsarekin egin zuen lan lehenago. Horietako bat Polaroideko komertzial bat zen, 1960. urtekoa, non Schwartz-e iloba Jonathan Schwartz kontatzen zuen, zenbatzen agertzen zen Daisyren iragarkian neska agertzen den bezela. Bi urte geroago, 1962an zerbitzu publikoko iragarki antinuklear bat sortu zuen Nazio Batuentzat, Daisyren iragarkiarentzat are aurrekari argiagoa dena. Iragarki horretan atzera-kontaketa bat egiten da eta gero leherketa nuklear bat ikusten da baita ere.[7]

Jaso dituen kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iragarkia soilik behin emititu zen telebistan, alderdi errepublikarretik jasotako kexak zirela eta. Goldwaterren alderdiak kexa formala aurkeztu zuen hauteskunde-batzorde iparramerikarrean, iragarkia kentzeko eskatuz, eta hala izan zen; dena den, inpaktu mediatiko ikaragarria izan zuen, eta hedabide guztiek horri buruz aritu ziren.[8]

Bertsio berriak/inspirazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Peace Little Girl beste iragarki batzuentzat inspirazio iturria izan da, haien artean, TheGreens australiar alderdi politiko berdearentzat. Konkretuki 2007an ospatu ziren hauteskunde federalen kanpaina politikorako erabili zuten. Iragarkiaren helburua klima aldaketaren[9] ondorioen ezjakintasunaren arriskuak salatzea zen. Beste alde batetik, 2010. urtean AmericanValuesNet izeneko erakundeak arma nuklearren murrizketarako ituna sinatzearen aldeko kontzientziazio kanpainako bideoa Peace Little Girl iragarkian inspiratua egon zen.[10] Hirugarren adibidea, Estatu Batuetako erdiko hauteskundeetarako egindako iragarkia da. Bill Cooper alderdi Errepublikarraren hautagaiaren aldeko kanpaina da. Kasu honetan auzia krisialdi finantzarioa da.[11]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. "Daisy" Ad (1964): Preserved from 35mm in the Tony Schwartz Collection. (Noiz kontsultatua: 2021-04-14).
  2. 1963 Anti-Smoking ad by Tony Schwartz. (Noiz kontsultatua: 2021-04-14).
  3. (Ingelesez) «About Tony Schwartz» Tony Schwartz (Noiz kontsultatua: 2021-04-14).
  4. «50 años del Daisy Spot: el fin de la inocencia | MPR GROUP» mprgroupusa.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-14).
  5. (Gaztelaniaz) «Probablemente el anuncio de televisión más polémico de la historia.» Kurioso 2009-01-05 (Noiz kontsultatua: 2021-04-14).
  6. «50 años del Daisy Spot: el fin de la inocencia | MPR GROUP» mprgroupusa.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-30).
  7. «CONELRAD | DAISY: THE COMPLETE HISTORY OF AN INFAMOUS AND ICONIC AD - PART TWO» www.conelrad.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-14).
  8. «CONELRAD | DAISY: THE COMPLETE HISTORY OF AN INFAMOUS AND ICONIC AD - PART THREE» conelrad.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-14).
  9. Daisy Ad - Australian Greens election ad on climate change. (Noiz kontsultatua: 2021-04-14).
  10. Daisy Ad 2010. (Noiz kontsultatua: 2021-06-30).
  11. Daisy Ad. (Noiz kontsultatua: 2021-04-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]